Egon Schiele

2012(e)ko urriak 2 – 2013(e)ko urtarrilak 6

Bilboko erakusketa

pareja-sentada

Egon Schiele
Eseritako bikotea, 1915
Urmargoa, arkatza eta zigilua
51,8 x 41 cm
Albertina, Viena

Egon Schiele

Erakusketa honek Egon Schiele austriar espresionistaren unibertsoan murgilduko gaitu. Batez ere, marrazkiak, gouacheak eta akuarelak ikusgai jarriko dira, eta paper gaineko lan horiek guztiak Vienako Albertinarenak dira. Erakunde horrek grafika-lanen bilduma zabalenetakoa eta garrantzitsuenetakoa dauka munduan.

Ehun bat lanek artistaren estiloaren bilakaera agertuko dute: hasierako lanak Vienako Akademian (Akademie der bildenden Künste Wien) trebatzen zela egin zituen; gerora Gustav Klimt-en eta Vienako Modernismoaren eragina izan zuen; eta ondoren naturalismoarekin hautsi, eta kolorea era apurtzailean erabili eta ezusteko bestelako gaie- tara, biluztasun erotiko gorrira, esaterako, jo zuen.

Egon Schielek oso modu berezia eta aparta garatu zuen Vienako Sezesioaren gainazal lauen eta lerro edergarri arinen erabilera dekoratiboa jorratzeko. Haren lanetako irudien gorputzaren adierazpide espresionistan, keinuetan eta mimikan nabari da argazkilaritza dokumentalaren eragina jaso zuela: Jean-Martin Charcot doktorearen Parisko Salpêtrière ospitaleko pazienteen argazkiena (emakumeengan histeria egoerak jasotzen zituzten) eta Otto Schmidten estudioko argazki erotikoek piztutako inspirazioarena. Horrez gain, Schielek emakume biluzien irudiak karikaturarekin edota pornografiarekin lotu ez zezatela lortu zuen; lotura haietatik askatu zituen eta artean beste leku bat eman zien. Gainera, itsusiaren eta ederraren arteko antagonismo historikoa deuseztatu zuen. Era berean, gaixotutako gorputza eta nortasunaren desegite patologikoa ere arte bihurtu zituen.

Schieleren arte ibilbide osoko gaiak ikusgai jarriko dira Egon Schiele erakusketan: paisaiak, loreak, haurren irudiak, biluziak, erretratuak eta autorretratuak. Hartara, ikuspegi zabaletik aztertuko da xx. mendearen hasierako artearen irudi gailen hau, 28 urte besterik ez zituela zendu zena.

Komisarioa: Klaus Albrecht Schröder

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.